2023ko ekainaren 16tik 18ra bitartean, Porto Meeting 2023 egin genuen, hizkuntza txiki eta gutxituetako wikilari-komunitateen topaketa. Porton egin zen, Portoko Unibertsitateko Letren Fakultatean eta Pernambuco Institutuan. Antolatzaile aritu ziren Wikimedia Portugal (WMPT), Wikimedia España (WMES), Wikimedia Italia (WMIT), CODA-Centre for Digital Culture and Innovation, eta Oportoko Unibertsitateko Letren Fakultatea (FLUP).
Ekintza honetan, 27 parte-hartzaile izan ziren, arlo akademikokoak zein Wikimediakoak, eta hamar hizkuntza-komunitatetako ordezkariak: asturiera, katalana, gaztelania, euskara, extremadurera, italiera, galegoa, mirandesa, lonbardiera eta portugesa.
Wikimedia proiektuetan hizkuntza-aniztasuna sustatzeko zituzten zailtasun eta erronken berri eman zuten. Espazioak sarean lan egiteko eta ahaleginak batzeko moduak aztertzeko aukera eman zuen, etorkizunari begira.
Porto Meetingen sorrera
Topaketa honen ideia 2017ko Wikimedia Conferencen izandako elkarrizketa batean sortu zen. Elkarrizketa horretatik abiatuz, hainbat komunitatetako wikilari-talde batek Europako hainbat herrialdetako hizkuntza gutxituei buruzko topaketa bat proposatu zuen Porton. Ekitaldia 2018ko azaroaren 16-18rako programatu zen, baina, hainbat arrazoi tarteko, azkenean ezin izan zen gauzatu.
2022ko azaroan, Wikimedia Españak Almerian egindako IX. Jardunaldietan, Wikimedia Españako eta Wikimedia Portugaleko hainbat pertsonak proiektu bateratuak antolatzeaz hitz egin zuten, baita mugaz gaindiko topaketa baten aukeraz eta Mirandan eta Extremaduran Wikipediako komunitateei laguntza emateko moduaz ere. Testuinguru horretan, Porto Meetingen proposamena berreskuratu zen, eta Wikimedia Portugal eta Wikimedia Españari ondo iruditu zitzaien Wikimedia komunitate ezberdinen arteko aliantzak ehuntzeko aukera emango zuen topaketa bat antolatzea. Ondoren, Bogotako Iberoconf 2023an, proposamen hori Wikimedia Italiarekin partekatu zen, eta haiek bat egin zuten topaketaren antolakuntzarekin.
Topaketa antolatzeko lan guztia Wikimediako hiru kapitulu haien artean partekatu zen, sei pertsonako talde baten bitartez, eta gastuak, ostatua, garraioa eta otorduak barne, hiru erakundeek egin ekarpenekin ordaindu ziren.
Programa
Programazioko hiru egunetan, 22 saio egin ziren, mahai-inguruak, aurkezpenak, tailerrak eta eztabaidak barne. Lehenengo egunean, hizkuntza txiki eta gutxituen alderdi akademikoari erreparatu zitzaion; gainerako bietan, berriz, Wikipediak eta haien proiektu senideek jarri zuten hizpidea.
Lehen jardunaldian, ongietorri instituzionalaren ondoren, bertaratutakoek Wikimedia proiektu enblematikoenen hainbat alderdi ezagutu zituzten, hala nola Wikipedia, Wikidata edo Commons, baita hizkuntza gutxituetarako dituzten aukerak ere. Ondoren, mahai-inguru bat egin zen Portoko Unibertsitateko bertako hizlariekin. Bertan, hizkuntza horiei eragiten dieten hainbat alderdi jorratu ziren, hala nola errekonozimendurik eta prestigiorik eza, hiztunen ikusezintasuna, edo horiek babesteak gure arbasoen ondarea kontserbatzeko duen garrantzia.
Arratsaldeak Dokumentazio Linguistiko eta Sozialeko Diziplinarteko Zentroak (CIDLeS) hizkuntza gutxituak kontserbatzeko proiektuekin egin zuen aurrera: haiei eusteak gure nortasunaren zati gisa duen garrantzia, etorkizunerako kontuan hartzeko eta planifikatzeko beharra, edo proiektu horiek gauzatzeko iradokizunak. Jardunaldia amaitzeko, mirandesa, asturiera eta Extremadurako hizkuntzei buruzko hiru saio egin ziren. Saio horietan, hizkuntza bakoitzaren historia, haren kontserbazioaren mugarriak, egungo egoera eta etorkizunerako aukerak aztertu ziren.
Bigarren jardunaldia bost aurkezpenekin hasi zen. Bertan, asturierazko, katalanezko, euskarazko, extremadurerazko eta galizierazko Wikipedietako ordezkariek hainbat gai ukitu zituzten: proiektuaren historia, aurre egin behar dieten arazoak, erakundeekiko harremanak, beren komunitatearen egoera edo gauzatzen dituzten edo gauzatu dituzten proiektuak. Wikidatari dagokionez, tailer bat izan genuen datu lexikografikoak sartzeko moduari buruz, haren garrantziari buruz eta eduki horretatik onura atera dezaketen aplikazioei buruz.
Language Diversity Hubi buruzko saio batean, Wikipedian Afrikako hizkuntza-aniztasunaren inguruko problematikak azaldu ziren, hala nola Interneterako konektibitatea, Wikipedian laguntzeko aukera txikiagoak, edo gaitasun digitalik eza. Italiatik, Wikimedia Italiaren eta Veronako Unibertsitateko Literatura eta Atzerriko Hizkuntzen Sailaren arteko lankidetza bat ezagutu genuen. Lankidetza horren bidez, ikasleekin wiki-laborategi batzuk antolatu dituzte, edukiak hizkuntza desberdinen artean itzultzeko. Azkenik, katalanari buruzko gaikako editatoiak ezagutu genituen – gero beste gai batzuetara zabalduak –, Wikipedian 2013tik katalanez antolatzen direnak.
Hirugarren eta azken egunean, mirandesari buruzko beste saio batekin hasi ginen. Ondoren, Wikipediaren egoerari buruzko bi aurkezpen egin genituen, mirandesez eta lonbardieraz, baita Italiako gainerako eskualde-hizkuntzei buruz ere, egungo egoerarekin eta aurre egin behar dieten ohiko arazoekin. Ondoren, Wikimedia Españak hizkuntza-aniztasunaren alde egin dituen ekintzen errepasoa egin zen, topaketak, editatoiak edo merchandisinga barne.
Etorkizuna
Hirugarren eguneko azken saioa topaketari buruz hitz egiten eman genuen, eta lehen urrats horren ondoren zer etorkizun ikusten genuen. Parte hartu zutenen harrera oso ona izan zen, eta horrela adierazi zuten nola balio izan duen proiektuak eta ekimenak partekatzeko eta sortzeko, gainerakoengandik ikasteko, eta hizkuntza txikien eta gutxituen dinamizazioaren eta ikusgaitasunaren alde lan egiteko, eta hizkuntzen bizikidetza balioetsi zuten; izan ere, gure wikilari-memorian, hauxe izan da ekitaldi batean pertsona bakoitzak bere hizkuntzan hitz egiteko eta ulertzeko aukera izan duen lehen aldia, euskaraz salbu, dena esateko.
Horregatik guztiagatik, komunitateek esperientziak modu birtualean eta presentzialean partekatzen jarraitzeko interesa agertu zuten, beharrei erantzuteko, baliabideak partekatzeko eta elkarrekin ikasteko estrategia bateratuak artikulatu ahal izateko.
Can you help us translate this article?
In order for this article to reach as many people as possible we would like your help. Can you translate this article to get the message out?
Start translation